«Mundu guztiak ikastetxeetan Internet izan dezala, baina kable bidez». Horretan laburbiltzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamabi elkartek egin duten eskaera. Interneterako sarbidea ematen duten wifi uhinak haurrentzat arriskutsuak direla ohartarazi dute: «Haurren hazkunde osasuntsua dago jokoan». Hiru herrialdeetako ikastetxe gehienek Interneterako loturak dituzte kable bidez, taldeon esanetan. Ez dute, beraz, wifiaren beharrik ikusten, eta erabiltzeari utzi beharko litzaiokeela uste dute. «Prebentzioaren irizpidea» jarraitu behar litzatekeela, alegia.
Antena eta uhinek bizidunengan duten eraginarekin kezkaturik dauden hamabi taldek osatu zuten plataforma, Euskal Herriko kutsadura elektromagnetikoaren aurkako plataforma. Hark egin du ikastetxeetatik wifia kentzeko proposamena, eta sindikatu gehienen sostengua jaso du: EILAS, ELA, ESK eta LAB sindikatuek babestu dute eskaera. Ikastetxeetan kanpaina hasiko dute, elkarrekin, plataformak eta lau sindikatu horiek.
Europako Parlamentuko «ia talde guztiek» onartu zuten, apirilean, «prebentzio irizpidea», kutsadura elektromagnetikoaren aurkako plataformak oroitarazi duenez. «Erabaki politikoa ja hartua dago Europarako», azaldu dute plataformako kideek. Orain, estatuek erabaki behar dutela nabarmendu dute, eta horregatik luzatu diote eskaera Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Antenarik ez Gasteiz taldeko kide batek zehaztu du, Europako Parlamentuaren aholkuaren arabera, umeak eta adinekoak babestu behar direla batik bat, «badaudelako ikerketak, esaten dutenak mikrouhinak kaltegarriak direla».
Prebentzio irizpide hori ezartzen hasteko, kutsadura elektromagnetikoaren aurkako plataformari egoki iruditu zaio ikastetxeetatik hastea. Wifi uhinek adinekoei, haurrei eta haurdunei eragiten die batik bat, plataformak dioenez. Kontuan hartu du, bestalde, Espainiako Gobernuak asmoa duela ikastetxeetan wifi uhinak erabiltzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan «erabat edo ia erabat» jarri dira Interneterako kablezko loturak, bestalde. Hortaz, eskoletan Interneterako lotura kable bidez egiteko eskatu dute, kutsadura elektromagnetikoa ez handitzeko.
«Osasunaren alde»
Gasteizko Antenarik Ez taldeko kideak argi azaldu du kutsadura elektromagnetikoaren aurkako plataformaren jarrera: «Ez gaude teknologia horren aurka; gu gaude osasunaren alde». Wifi uhinek, eta Espainiako Gobernua sustatzen ari den Avanza2 planak ez dutela onurarik ekarriko pentsatzen du. «Gizarteari abisatu behar diogu Espainiako Gobernua egiten ari den kanpaina osasunaren kontra doala». Egunero erabiltzen diren aparailuei buruz gogoeta egiteko beharra dagoela ere iruditzen zaio: «Begiratu behar dugu gure bizitzan zer dugun inguruan, zer nolako aparailuak erabiltzen ditugun, eta zerbait aldatu beharko dugu». Sakelako telefonoak maizago itzaltzea, edo wifia kendu eta kable bidezko Interneterako loturak erabiltzea aipatu ditu adibide gisa.
Irrati eta telebista antenez gainera, azken urteetan telekomunikazio teknologia berriak ugaritu direla oroitarazi du kutsadura elektromagnetikoaren aurkako plataformak. Gobernuek ez dutela «eremu elektromagnetikoen dentsitatearen inolako plangintzarik egin», salatu du: «Egunero eta etenik gabe eremu elektromagnetiko horien eraginpean bizitzeak dakar osasunarentzako arriskua». Zehazki, «kontrolik gabeko» uhinen erabileraren eta hedapenaren aurka agertu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude