anboto Alboan dauden terrenoekiko herriko arau subsidiarioek zehazten duten gutxieneko 3 metroko distantzia errespetatzen ez dutelako, Arrueta auzoan dauden telefono mugikorren antenak telebistarako baliatzen duten egituran kokatzeko agindu zuen alkatetza dekretu batek. “Hiru antena torre barik, bakarra izateko”, hartu zutela erabakia dio Javier Arteaga alkateak, eta, “itxuraz, arau subdiariotan jasotakoa zentimetro batzugatik betetzen ez dutelako”.
Arruetako auzotarrek nabarmentzen dutenez, baina, telefonia mugikorreko antenak bertan kokatzeko baimena ere Udalak eman zuen, eta auzotarren eskariz neurketak egin eta planoak begiratu ondoren onartu ei du Udalak Vodafone konpainiak ipinitako antena ezin dela leku horretan egon. Izan ere, Arau subdiarioetan jasota dagoenez, Arrueta auzoan badago komunikazioko zerbitzuak kokatzeko esparru bat, baina aitatutako antena esparru horretatik kanpo.
1997an hasi ei ziren auzoan telefonia-antenak ipintzen, eta orain hiru urtetik, “borroka nekagarria” daramatela diote auzotarrek; Udalaren babesik ez dutela izan. Euren berbetan, antena egituraz aldatu arren, antenen eragina berdina izango litzakelako, ez da soluzioa euren aburuz.
Telefonia mugikorreko antenek osasunean eragiten duten kaltea aintzat hartzen duen legedirik egon ez arren, Mañariara etorritako Raul de la Roza adituaren arabera, gomendatutakoa baino hamar bider emisio handiagoa dago Arruetan. Auzotarrek azpimarratu dutenez, lo faltak eragindako estresa, antsietatea eta minbizia arriskuak gehitzen dira antenak etxe ondoan izanda.
Udalak antenentzako beste kokaleku aproposago bat bilatzea da auzotarren helburua, euren berbetan badagoelako Mañarian leku aproposagorik.
Gaiaz galdetuta, “matxurak daudenean eta bost egunean herrian estaldurarik barik gaudenean, Udalari egozten diote errua… eta antenak ipintzen baditugu ere, Udalak dauka kulpa”, kexatu da Javier Arteaga alkatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude