berria Egoera berrietara egokitu ohi dira hiriak, eta Gasteizek hori egingo du etorkizun hurbilean. Hiriko laugarren mezkita irekitzeko lehen pausoa eman du musulmanen komunitateak. Adurtza auzoan egongo da, Pablo Xerica kaleko lokal batean. Alde Zaharretik kanpo egongo den lehena izango da, beste hirurak Barrenkalean eta San Bizente Paulekoaren kalean baitaude. Mezkitaren kokapenak eztabaida sortu du auzo horretako bizilagunen artean, eta batzuk horren kontra agertu dira.

Mezkita irekitzeko lehen pausoak eman dira dagoeneko. Gasteizko Udalak lokal horri mezkita erabilera emateko eskaera jaso zuen orain dela hainbat aste, eta bete beharreko gutxieneko baldintzak jakinarazi zizkion eskaera egin zuenari. Larrialdietarako irteera, komunak eta bilerak hartuko dituen lokalei eskatzen zaizkien baldintzak bete beharko ditu, Udalak jakinarazitakoaren arabera. «Baimen horiek zuzenean ematen dira, eskatzen dena ez baita ezohikoa; baldintzak betetzen badituzte, mezkita irekiko da bertan, ingurukoek esaten dutena esaten dutela», argitu du Gasteizko Udaleko iturri batek.
Erlijio musulmana duten herrialdetako bost mila etorkin inguru dago Araban, eta horietatik hiru mila baino gehiago Gasteizen bizi dira. Horietako askoren behar erlijiosoei erantzuteko hiru mezkita daude Gasteizen, eta masifikazioa egon ohi da ostiraletan, egun handia baita musulmanentzat. Adurtzako mezkitak masifikazio horri aurre egiten lagundu dezakeela deritzote Alde Zaharrekoetara doazen askok, hirigunetik apur bat urrun dagoen arren.
SINADURA BILKETA AUZOAN. Uztailaren bukaeran jakinarazi zien Udalak Adurtzako lokal horrek izango zuen erabilera, hori egiteko beharrik izan ez arren. Orduan piztu zen eztabaida, eta gutxi batzuek sinadura bilketa hasi zuten, mezkitaren kokapenaren kontra agertzeko. Arrazoien artean segurtasuna aipatu dute bizilagun horiek, bertan jendetza bilduko delako, haien ustez. Inguruko taberna batzuetako jabeek ere mezkitaren kokapenarekin guztiz ados ez daudela esan dute, bezeroak galduko dituztelako.
Ridha Hamid Sunna Arabiar Kultur Elkarteko kidea
«Ezjakintasuna da arazo eta gatazka gehienen iturria, zalantzarik gabe»
J.R.
Gasteiz
Gasteizko musulmanen egoera ondo ezagutzen du Ridha Hamidek. Bi hamarkada baino gehiago igaro dira Gasteizen bizi denetik, eta komunitate horren inguruko gaietan murgildu delako.
Zer deritzozu Pablo Xerica kalean ireki nahi duten mezkitari buruz?
Mezkita bat irekitzen badute ongietorria izango da. Askok eskertuko dute hori, musulmanak gero eta hedatuagoak daudelako hirian. Azken urteetan komunitate musulmana %200 handitu da Araban, eta Gasteizen hiru mezkita daude. Barrenkalen dago bat eta San Bizente Paulekoaren kalean beste bi, bata bestearen aurrean. Ostiraletan lepo beteta daude. Badaude kalean errezatzen dutenak, mezkita barruan ez delako beste inor sartzen. Orain, inor gutxi dago oporrak direla eta.
Alde Zaharretik kanpo egingo den lehen mezkita izango da.
Hainbat egoera hartu behar dira kontuan hori ulertzeko. Alde Zaharra hainbat tokitako bilgunea izan da urteetan. Gasteizen jaiotakoak egoteaz gain, beste hamaika tokitakoak ere badaude, etxebizitza merkeenak baitaude bertan. Toki deigarriena ere bada, eta jendeak bertara jotzen du. Gasteizko lehen mezkita Alde Zaharrean egin zen, eta horrek jendea bertan biltzea eragin zuen.
Zer behar da mezkita bat irekitzeko, baimen guztiak dituen tokia izateaz gain?
Eliza bat ireki nahi duenak elizbarrutiko baimena behar du. Mezkitek elkarte baten babesa izan behar dute, Espainiako Gobernuaren edo Eusko Jaurlaritzaren oniritzia duen elkarte baten babesa. Pertsona soil batek ezin du mezkita bat ireki. Lehen pausua da hori.
Eta Adurtzan ireki beharreko mezkitak elkarte baten babesa al du?
Egia esan, ez dut horren berri. Litekeena da baietz, baina une jakin batean laguntza eske etortzen bada gugana ongietorria izango da. Ez gara Onassis, baina laguntza ekonomiko apur bat emateko modua bilatuko genuke.
Bizilagun batzuk kexatu dira, mezkitaren kokapena dela eta.
Kexatzea zilegi da. Hori egiteko eskubide osoa dute. Kexatzeko nolabaiteko gatazka egon behar du, ordea. Arazoak egon aurretik kexatzea… Tunika eta bizarra duen gizon bat mesfidantzaz ikusten dute. Mezkitan jendea behin eta berriro sartzen ikusten dute, eta zalantza pizten zaie. Ez dakitena da guk bost aldiz errezatzen dugula egunean, ordutegi baten arabera. Ezjakintasuna da arazo gehienen iturria, zalantzarik gabe.
Gatazkatsua izan daitekeela diote bizilagunek.
Mezkita izateagatik ez du zertan gatazkatsua izan. Jendearen araberakoa da hori, eta denetarik dago komunitate musulmanaren barruan, komunitate kristauaren barruan dagoen moduan.
Errezatzeko bideratzeaz gain, Gasteizko mezkitei beste erabileraren bat ematen al zaie?
Ezkontzak eta bestelakoak egiten ditugula pentsatzen du jendeak, baina ez da horrela. Toki egokia bada, eskolak emateko erabil daiteke. Arabiera ikastaroak ematen ditugu, eskolan horretarako aukerarik ez baitago. Gure kultura eta ohiturak ez ditugu galtzen utziko Europan egoteagatik.
Zenbat mezkita daude Euskal Herrian?
Ea bada… Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Eibarren… Badaude batzuk. Gertatzen dena da oraindik ez gaudela atzerritar gehiegi. Gasteizen hiru mezkita daudela? Bai, lan eskerga egin dugulako hori lortzeko. Barrenkaleko mezkita 1993. urtekoa da, gutxi gorabehera, eta bestea orain dela sei urte ireki zuten, gutxi gorabehera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude