Berria.
«Tristea eta iluna». Halaxe definitu dute Iruñeko herri kolektibo eta mugimenduetako kideek Iruñeko Udala azken urteetan gobernatu dutenen jarduera. Eta zera eskatu diote ekainaren 16an osatuko den udalbatzari: Hiritartasun Paktua baliogabe dezan.
Bukatzear den legealdian, UPNk eta CDNk Elkarbizitzaren aldeko Hiritartasun Paktua udal ordenantza onartu zuten, «gizabidezko jokabideen promoziorako eta leku publikoen babeserako». Herri taldeek salatu dutenez, ordenantza horren gerizpera, dozenaka ekitaldi debekatu dituzte, eta ehunka pertsonari jarri diote isuna karrikan mahaia paratzeagatik, kartelak itsasteagatik, lurrera «zaborra» botatzeagatik, banderak zintzilikatzeagatik, auzoetako Olentzero desfileak antolatzeagatik (21.000 euro isunetan) …
Iruñea denona. Iruñea gu geu izeneko manifestuaren bidez, herri kolektiboek salatu dute iruindarrei ez dietela beren hirian protagonistak izaten utzi. «Herritarrak aintzat hartu gabe, autoritarismoa baliatu dute haien erabakiak inposatzeko; otzantasuna sustatu dute, bizirik irauteko modu bakar gisa; eta ondorio latzak eragin dizkiete UPN-CDNren interesei men egin ez dietenei».

Manifestua sinatu duten kolektiboen ustez, Iruñeko gizarte eredua aldatu nahi izan dute orain arteko agintariek. «Iruñea insolidario bilakatu nahi dute, indibidualista, kontsumistago, enpresa handien zerbitzuko eta ideologiarik gabeko».
Horrekin guztiarekin bukatzeko, haiekin bilera egiteko eskatu diete udal talde politiko guztiei. Eta, ekainaren 16an, mobilizazioren bat eginen dute.
Gizarte esparru askotariko makina bat kolektibok, elkartek, erakundek eta sindikatuk sinatu dute manifestua. Eta prest dira atxikimendu gehiago jasotzeko, iruneagugeu@gmail.com helbidean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude