GARA.
Biarritzeko Herriko Etxeak Udal Zentro Industriala tokiz aldatuko du eta libre geldituko diren hiru hektareetan auzo berri bat sortuko du. Udalak EEPrekin hitzarmena sinatuko du. Biarritz Bestelakoa udal taldeak EH Bairentzat eskatu du botoa hauteskundeetan.
Biarritz Bestelakoa udal talde abertzaleak atzo prentsaurrekoa eman zuen Herriko Etxean boterean dagoen koalizioan daudenetik egin lanaren bilana aurkezteko eta etorkizunean eramango diren zenbait egitasmo ere ezagutzera emateko. Hirigintza arduradun eta Biarritz Bestelakoa taldeko kide Jakes Abeberryk 2008an egiten hasiko den hiriko auzo berriaren egitasmoa aurkeztu zuen.
Itsasoa, autobidea, aireportua eta espazio naturalek mugatua, hazkunde urbanistiko oso txikia du Biarritzek. Horregatik eraikitzeko aproposa den ingurua lortzeko Herriko Etxeak Udal Zentro Industriala tokiz aldatzea erabaki du. Industrialdea etxeak eraiki ezin daitezken aireportuaren ondoko zona batean kokatuko da eta libre geldituko diren hiru hektareetan 309 etxebizitza eraikiko dituzte.

Azken bost urteetan Biarritzeko udalak eraman duen politikari jarraiki gehiengoa etxebizitza sozialak izanen dira, izan ere azken bost urteetan Biarritzen eraiki diren etxe guztien, %92 sozialak izan dira. Auzo berriko etxeen artean %60 alokairu sozialerako izanen dira, %15 salmentarako etxebizitza sozialak eta azken laurdena pribatuan saltzeko. Hiriaren gunearen parte izanen den auzo hau «logela» baino gehiago izanen dela nabarmendu zuen Jakes Abeberryk. Horretarako hainbat zerbitzu publiko kokatuko dira bertan, haurtzaindegia eta elkarteentzako gunea, besteak beste.
EPErekin hitzarmena
Biarritzeko Herriko Etxean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko hitzarmena sinatuko du udalak Euskararen Erakunde Publikoarekin.
Ekainean eginen den udalbaltzan eztabaidatuko da hitzarmenaren sinadura eta sorpresarik ezean onartu egingo da. Izan ere Jakes Abeberryk hiriko auzapez Didier Borotraren hitzarmenarekiko atxikimendua nabarmendu zuen.
Euskara teknikari lanpostu bat sortuko da eta hitzarmenari esker «Biarritz Bestelakoak botere koalizioan dagoenetik euskara eta euskal kulturaren alde egin lana egonkortuko da», nabarmendu zuen Abeberryk agerraldian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude