Anboto Irratia.
Durangoko Alde Zaharra elkarteak bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko egin beharreko hobekuntzen gaineko txostena osatu du eta atzo aurkeztu zuen.Egun berean txostena Udalean aurkeztuko zutela esan zuten. Alderdi politiko bakoitzarekin batzeko nahia ere azaldu zuten.
Txostenak lau alderdi nagusi jorratzen ditu: garbiketa, oinezkoendako gunea eta sarrera, kutsadura akustikoa eta zolu irristakorrak. Hona puntu bakoitzaren gainean ikusten dituzten gabeziak eta horiek konpontzeko egindako proposamenak. Gabezia eta proposamen garrantzitsuenak jarri ditugu, ez guztiak.

GARBIKETA
Zaborren bilketa:
– Euskarri mugikorreko kontainerrak oso egokiak dira eta, hein handi batean, urruntasunaren arazoa konpondu dute. Hala ere, merkatari, ostalari eta bizilagun jakin batzuek ez dute egoki erabiltzen. Hondakin organikoen kontainerrak dira eta birziklatzeko diren materialak (beira, kartoia…) botatzen dituzte.
– Zabor-guneen inguruko garbiketa eskasa da.
– Lurperatutako kontainerrek ez dute mantenimendu egokirik, sarritan trabatzen dira-eta. Kanpatorrostetan, papera botatzeko kontainerrak hiru hile daramatza konpondu edo aldatu gabe (abenduan su hartu zuen).
– Lurperatutako kontainerretan zabor-poltsak edukiontzitik kanpora (kanpoaldean) uzteko joera nabari da.
– Merkatu plaza inguruan, asteburuetan, kaleko postuek sortutako zikinkeria batu gabe geratzen da.
Proposamenak:
– Kontzientziazioa bizilagunen, merkatarien eta ostalarien aldetik. Agente Zibikoak kontratatu daitezke alderdi hori jorratzeko.
– Udalari eguneroko garbiketa sakona eskatu behar zaio kontainerrak dauden zonaldeetan. Eta egunean bi garbiketa behar badira, bi egin beharko dira.
– Goienkale, Kalebarria, Zeharkale eta Komentukaleren garbiketa asteburuetan, “gaueko mugimenduaren” ondoren ez baita nahikoa izaten.
– Ildo horretatik onartuta eta indarrean dagoen ordenantza betetzea.
Animalien gorotzak:
– Txakurren gorotz kantitate handiak daude Alde Zahar osoan zehar (baita usoenak ere).
Proposamenak:
– Udalak bultzatutako kanpainak ez dute uste zen arrakastarik izan. Administrazioaren aldetik jarraipen jarraia egitea eskatzen dugu, agente zibikoen eta isunen bidez; garbitasunaren inguruko araudian jasotzen diren gai honi buruzko arauak betetzea eskatzen da.
Txiza kaleetan:
– Asteburuetan kale ezberdinetan, eta batez ere Alde Zaharrekoetan, txiza egiteak usai txarra uzten du eta herria bere ere zikintzen du. Kale batzuetako bizilagunak ez dira hurrengo egunean leihoa zabaltzen ausartzen, etxera sartzen den kiratsagatik.
– Kaleko txiza erabat desagertu arazi behar dira. Udalak emandako datuen arabera ez da ildo horretatik bat ere isunik edo ohartarazpenik egin.
Proposamenak:
– Hiru sektore gara eragindako aldeak: ostalariak, Udala eta herritarrak.
– Ostalariek arazo honi irtenbidea emateko beren aletxoa jarri dezakete komunak garbi, zabalik eta funtzionamenduan edukiz beti.
– Herritarrei zuzendutako kanpaina bat arazo horren gainean.
– Udalak zonalde horietako zaintza bermatu behar du (batez ere, bariku, zapatu, domeka eta jai-egunetan), txiza egiten duena ohartaraziz edo isuna jarriz.
Karkabak:
– Karkabak espazio publikoak dira, beste edozein kale bezala. Horrela jasotzen da ordenantzetan.
– Horietarako sarbidea zaindu behar da. 2006ko abenduan, zazpi sute egon ziren Alde Zaharrean, eta hortaz, kontuan hartu beharko litzateke noizbait etxeak hustu behar balira, sarrerarik gabeko karkabaren ondorioz sor litezkeen arazoak.
– Zergatik ez dira garbitzen karkabak sistematikoki?
– Bizilagun, ostalari eta merkatarien aldetik erabilpen egokia ematen al zaie karkabei?
– Norbaitek gainbegiratzen al du ordenantza betetzen ote den?
Proposamenak:
– Udalak karkaben egoera ona bermatu behar du.
– Karkabeetarako sarrera puntuen plano bat landu beharko litzateke, bakoitzean dauden erabilpen publikoko elementuak (telefono hariak, kontadoreak, gas-hartuneak…) zehaztuz.
– Karkaba publiko GUZTIETAKO sarrerei irtenbide bat eman behar zaie.
– Indarrean dagoen ildo horretako ordenantza bete araztea garrantzitsua dela gogoratzen diogu Udalari.
Oinezkoendako gunea eta sarbideak:
– Zamalan orduetan mota guztietako ibilgailu asko ikusten dira gora eta behera baimenik gabe. Era berean, baimendutako pisutik gorako kamioiak sartzen dira.
– Obretarako kontainerrak ez dira egokiak izaten. Zorua zaintzeko ez dute segurtasun neurririk izaten eta zorua hondatu egiten da.
Proposamenak:
Jose Mari Arrillaga elkarteko lehendakariak beste puntu bat ere gogoratu zuen txosten hau komunikabideen aurrean aurkeztu zutenean: “Iaz Kalebarrian eraikin bat bota ondoren, ondoko eraikinak erortzeko arriskua zuela-eta, hango bizilagunak etxetik atera zituzten. Izan ere, Alde Zaharreko eraikin asko elkarri lotuta daude habeen bidez. Ondorioz, makineria berezia behar da, orduko hartan erabili ez zena. Udalak baimena eman baino lehen jarraibide batzuk markatu beharko lituzke eta betetzen direla ziurtatu: zer makineria erabili litekeen, eskuz egin beharreko lanak badira…”.
– Ildo horretan indarrean dauden ordenantzak bete arazi behar dira.
Kutsadura akustikoa:
– Zarata, oro har, modu askotara aurkezten da Alde Zaharrean. Kutsadura akustikoaren kontrol hobeak, Alde Zaharreko bizilagunen bizi kalitatea igoko luke.
Proposamenak:
– Gauzainak, Agente Zibikoak eta Udaltzaingoa.
– Itxiera ordutegia zaintzea. Udalari eskatzen diogu, Udaltzaingoak kontrola dezala asteburuetako eta jai egunetako itxiera ordua.
– Andra Mariko aterpea: Kontzertu batzuk izan dira han eta ez dugu uste ekitaldi horietarako toki egokiena denik. Horretarako, badaude espazio egokiagoak: Landako Gunea, San Agustin, Merkatu Plaza …
– “Zaraten Mapa” benetakoa sortzen hasi beharko litzateke. 2004an hasi ziren ildo horretatik lanean, baina egin beharreko neurketak arazo hau intentsitate handienarekin ematen den ordutegian egin behar da, arazoaren neurpen erreala egiteko. Horrela, egingo duten esperantza dugu.
Zoru irristakorrak:
– Jendea erori egiten da Alde Zaharrean zoru irristakorra dela-eta.
– Andra Marin eta Barrenkalen konponketa lanak egiten hasi direla ikusi dugu, ulertuz, ondoren, zonalde osora zabalduko direla. Konponketa horien ondoren, zoru irristakorraren aurkako tratamendua egingo dutela espero dugu.
– Lehen ez zela inor erortzen zioten, ez zelako denuntziarik jaso. Orain, badakigu salaketak izan direna, baina Udalak atzera bota ditu.
– Lagun batzuek ebaketak jasan dituzte erorikoen ondorioz: hezur-hausturak, istripu-bajak…
– Bitxia da “ez zuen oinetako egokia eramango” bezalako arrazoiak irakurtzea. Aparejadorearen informeetan honelakoak irakur daitezke: “erorikoaren lekua aztertuta, ez da eraikitze defekturik ikusten” edo “materialak suz tratatuak izan ziren”.
– Nola liteke, alde batetik, zorua zuzentzeko azterketak egiten ibiltzea eta, bestetik, salaketak edo kexak atzera botatzea?
Proposamenak:
– Bere sasoian proposatu zen proiektua zuzen betetzea.
– Ondoren, zoruaren mantentze egokia egin beharko litzateke, baimendu gabeko kamioi pisutsuen joan-etorria eragotziz…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude